Montesinho/Nogueira KBEa Portugalgo iparraldeko eskualdeko ipar-ekialdean dago, Espainiako mugan. Montesinhoren sistema menditsuan duen kokapen geografikoa, altitudeak, aniztasun geologiko eta geomorfologikoa, eta mendeetan zehar garatutako giza jarduera faktore lehiakorrak izan dira, eta oraindik ere badira, komunitate eta espezie aniztasun izugarria ezartzeko. Horien artean Eryngium viviparum espeziearen herrialde osoko populazio bakarra nabarmentzen da. Hemen, Pirinio-Kantauri ardatzeko mendiko ekosistemetako elementu tipikoak, banaketaren hegoaldeko mugan, Mediterraneoko ohiko elementuekin gurutzatzen dira, banaketaren iparraldeko mugan. Ekosistema atlantiko eta/edo kontinentaletako elementu tipikoak ere ageri dira. Paisaiaren ezaugarri nagusia habitaten mosaikoa da, zeina mendiko nekazaritzari esker lortu baita. Mendiko nekazaritza hori batez ere ardien eta behien abeltzaintza estentsiboan oinarritzen da, eta, kasu gehienetan, balio naturalei eusten lagundu du. Leku horren aniztasun geologiko handia dela-eta, habitatak ere anitzak dira, eta horien artean oinarrizko substratuetako landaredi tipikoarenak dira azpimarragarriak.
ZEC Montesinho/Nogueira – PTCON0002
IKUSPEGI OROKORRA
Azalera (ha): 108.029,13 ha
Natura 2000 Kodea: PTCON0002
KBE horren lurralde eremua ia erabat gainjartzen da Montesinho/Nogueira HBBEarekin (PTZPE0003). Orobat, KBEaren zati handiena parke natural izendatu zen 1979an, 355/79 Lege Dekretuaren bidez, eta, ondoren, 1997an berriz sailkatu zen, 5-A/97 Erregelamendu Dekretuaren bidez. 2015. urteaz geroztik, parke natural hori Iberiar goi lautada mugaz gaindiko biosfera erreserbaren erdigunearen zati da.
PROIEKTUAREN EGUNGO EGOERA ETA KONTSERBAZIO EKINTZAK
KBEaren zatirik handiena txilardiek eta sastrakadiek hartzen dute (% 40). Dena den, oso azalera handia hartzen dute nekazaritzak (% 23), haritz hostoerorkorren eta zimelkorren basoek (% 13) eta harkaitzen eta belardi aitzindarien eremuek (% 11). Azalera osatzen dute larizio pinuaren baso landaketek (% 5), baso hostoiraunkor hostogogorrek (% 3), hezegune higroturfofilo belarkarek eta zuhaixka formakoek (% 3), azalera artifizialek (% 2).
Jabetzari dagokionez, titulartasun pribatukoa da ia guztia, batez ere herri jabetzako etzeak. LIFE GLOBALen Portugalgo ekintzen kasuan, Gondesende freguesiako (Bragança) Oleiros etzean kokatuko dira. Gaur egun, biodibertsitatearen kontserbazioaren arloan eskumena duen erakunde nazionalak kudeatzen du etze hori, hots, Instituto de Conservaçao da Natureza e das Florestas (ICNF) erakundeak. LIFE GLOBAL babesten du; izan ere, proiektuko ekintzek KBE horren kudeaketa helburuak indartuko dituzte, eta, horrela, LIFE GLOBALek sortutako ingurumen onurak epe luzez mantentzen lagundu ahal izango du ICNFk.
Montesinho/Nogueira KBEak kalteberatasun handiko hainbat flora elementu ditu; adibidez, Linaria coutinhoi, Festuca elegans eta Veronica micrantha, baina horien artean *Eryngium viviparum nabarmentzen da. Espezie hori lehentasunezkoa da (92/43/EEE Zuzentarauaren arabera) eta desagertzeko arriskuan dago; Portugalen “arrisku kritikoan” kategorian dago sailkatuta, eta KBE horretan solik ageri da herrialde osoan. Populazio bakar horren rol estrategikoa dela-eta, LIFE GLOBALek haren kontserbazio egoera hobetzeko hainbat neurri zehatz biltzen ditu: populazioa indartzea eta *Eryngium viviparum espeziearen habitataren azalera hobetzea eta handitzea.