Bizkaiko eta Arabako lurralde historikoen artean dagoen mendigunea da, eta Euskal Mendien ekialde-mendebalde ardatzaren eta Kantabriako eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroaren parte da. Mendigunearen zenbait gailurrek 1.200 metroko garaiera gainditzen dute. Litologia nagusiak kareharriak dira Bizkaian, amilburu malkartsu eta lapiazekin, eta silizeoak Araban, erliebe leunago eta biribilagoekin. Hainbat ur ibilbide garrantzitsuk mendigunean dute jatorria; sakan sakonak sortzen dituzte. Gorbeiaren baso bokazioa hostozabal autoktonoen baso masen hedadura zabalean nabari daiteke, nahiz eta konifero sailek ere azalera handiak hartzen dituzten. Bestalde, abeltzaintza aprobetxamendua duten larreak mendi hegaletan eta goialdeetan hedatzen dira, batez ere Bizkaiko sektorean, eta Arabako gailurretan txilardi zabalak dira habitat nagusiak.
ZEC Gorbeia – ES2110009
IKUSPEGI OROKORRA
Azalera (ha): 20.226,45 ha
Natura 2000 Kodea: ES2110009
KBEaren lurralde eremuaren barruan, estatuko edo eskualdeko legediaren araberako beste babes estatus batzuk sartzen dira, hala nola Gorbeiako Parke Naturala izendatu zen 1994an, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta 228/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Halaber, Itxinako Biotopo Babestua dago bertan (368/1995 Dekretua). 2016an, martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuaren bidez, Gorbeia (ES2110009) kontserbazio bereziko eremu ere izendatu zen, eta haren kontserbazio helburuak ezarri ziren.
PROIEKTUAREN EGUNGO EGOERA ETA KONTSERBAZIO EKINTZAK
Inguruko aprobetxamendu tradizionalak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza dira. Bestalde, zona horrek jolas jardueraren presio handia jasaten du; eremu jakin batzuetan kontzentratuta dago. Espazio gehiena, 16.242 ha pasatxo (azaleraren % 80), titulartasun publikokoa da, eta gainerako % 20a titulartasun pribatukoa. Oro har, esan daiteke jabetza partikularrak ugariagoak direla Bizkaian, eta titulartasun publikokoak, berriz, Araban.
Jabetza publikoaren barruan hainbat tipologia daude: alde batetik, onura publikoko mendietan (14.935 ha inguru) udalen jabetzak daude, baita administrazio batzarrenak eta baita erkidegoen erkidegoenak ere; bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ondare mendi ditu (216 ha).
Batasunaren intereseko habitat jakin batzuen presentziagatik da berezia Gorbeia KBEa Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 sarean, dela horien hedaduragatik, dela berezitasunagatik. Nabarmentzekoak dira 4020* Zona epeletako txilardi heze atlantikoak (Erica ciliaris eta Erica tetralix) eta 6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europa kontinentaleko zonalde azpi-menditarrekoak). Horien gainean jardungo da, haien baldintzak hobetzeko.