LIFE GLOBAL proiektua Araban aurkeztu da

LIFE GLOBAL proiektua Araban aurkeztu zen joan den urriaren 9an, Foru Aldundiak Arabako lurraldeko Natura 2000 Sareko hainbat gunetan egingo dituen ingurumen-lehengoratze jarduerak ezagutarazteko. Foru erakundeak Europako ekimen honetan parte hartzen du Nafarroako, Gaztela eta Leongo, Galiziako eta Portugalgo beste bederatzi erakunde publikorekin batera, habitat eta espezie lehenetsien kontserbazio-egoera hobetzeko helburuarekin, aldaketa globalaren ondorioei aurre eginez.

Jarduerak balio ekologiko handiko hainbat tokitan egingo dira, besteak beste, Olandinako aintziran eta Izki Parke Naturaleko zohikaztegietan; Musco, Carralogroño eta Carravalseca aintziretan, Laguardiako Erreserba Naturalean; Toberíako ur-jauzian eta Iturbaltz urmaelean, Entzian; baita Caicedo-Yuso eta Arreo aintziran eta Valderejo, Sobrón, Gorbeia eta Kantabria mendilerroko beste hainbat tokitan ere. Espazio horiek guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatuta daude.

Aurreikusitako esku-hartze nagusien artean daude Olandinako aintziraren sakonunea lehengoratzea eta haren ertzak berreskuratzea, Iturbaltz urmaelean fauna aloktonoaren kontrola egitea eta Laguardiako aintziretako habitatak hobetzea, materialak kenduz, babes-hesiak landatuz eta Carralogroñon iragazki berde bat instalatuz. Toberíako ur-jauzira iristeko sarbidea hobetzeko eta Gatz Haranaren eta La Muera ibaiaren inguruko landare halofitoen espezieen kontserbazioarekin jarraitzeko jarduerak ere egingo dira.

Esku-hartze horiei esker, ekosistema horiei eragiten dieten mehatxuetako batzuk zuzendu ahal izango dira, haien funtzionaltasun ekologikoa berreskuratu eta haien habitat lehenetsien epe luzeko kontserbazioa sustatu.

Harpidetu gure buletinera

Jaso albisteak, eskaintza esklusiboak eta eduki bereziak zuzenean zure sarrera-ontzian.