A Limia HBBEaren eremua (ES0000436) izen bereko eskualdean dago —horregatik deitzen da hala—. Eremu osoa Ourense probintzian dago, eta udalerri hauetan banatzen da: A Porqueira, Bande, Rairiz de Veiga, Sandiás, Sarreaus, Trasmiras, Vilar de Barrio, Vilar de Santos, Xinzo de Limia eta Xunqueira de Ambía. Kontserbaziorako interes handiko espezieak ditu, lehentasunezko taxonak eta galtzeko arriskuan daudenak.
ZEPA A Limia – ES0000436
IKUSPEGI OROKORRA
Azalera (ha): 6.939,2
Natura 2000 Kodea: ES0000436
Beste babes-egoera batzuk estatuko edo eskualdeko legeriaren arabera:
A Limia HBBEa (ES0000436) partzialki gainjartzen da Veiga de Ponteliñares KBEarekin (ES1130006), eta naturagune babestutzat (Natura 2000 naturagune babestua) eta nazioarteko tresnen bidez babestutako eremutzat (Allariz Eremuko Biosfera Erreserba) ere hartzen da, 42/2007 Legearen eta 5/2019 Legearen arabera.
PROIEKTUAREN EGUNGO EGOERA ETA KONTSERBAZIO EKINTZAK
A Limia HBBEan, % 76 nekazaritza lurzorua da, % 13 txilardi lehor eta hezeak dira, hezeguneek eta ur gezako ekosistemek HBBEaren % 4 hartzen dute, baso naturalek % 3, eta gainerako %4a ingurune antropikoei dagokie (hiriguneak eta azpiegiturak).
HBBE horretako ia lursail guztiak jabetza pribatukoak dira, banakakoak zein taldekoak (esku komuneko auzo mendiak, 13/1989 Legeak araututako Galiziako berezko figura), baina geratu dira lurzati publiko batzuk, aintzinako Antelako urmaela lehortzeko saiakeren eta gerora 1950eko nekazaritza kolonizazioko proiektuaren lekuko gisa. Era berean, gaur egun Banco de Terras de Galiciak (BANTEGAL) errentan ematen dituen lurzatiak identifika daitezke —lurzatiak bertan behera ez uzteko eta lurralde oinarria behar duten guztien eskura jartzeko ematen dira errentan—.
Basoilo txikia (*Tetrax tetrax) egoera kritikoan dago A Limiako HBBEan, nekazaritza eta abeltzaintza areagotzea, gehiegizko ustiapen hidrikoa eta klima aldaketa direla eta. Horren ondorioz, populazio ugaltzailea bikote bakar batera murriztu da. Egoera horri buelta emateko, LIFE GLOBAL proiektuaren helburua basoilo txikiaren (*Tetrax tetrax) habitata hobetzea da, kontserbazio ekintza zehatzen bitartez. LIFE GLOBAL proiektua 30 ha-tan egikarituko da Veiga de Gomareite esku komuneko auzo mendian —jabeek konpentsazio ordainketa bakarrak jasoko dituzte lursail horietan—, bai eta SGHNk (irabazi-asmorik gabeko ingurumen erakundeak) BANTEGALekin 30 urterako errentan dituen 4 lurzatitan banatutako 2,7 ha-tan ere —lurzati horiek proiektuari lagako zaizkio basoilo txikiaren (*Tetrax tetrax) habitata hobetzeko ekintzak egiteko—.